bisita

Museoa bisitatu aurretik, ikasgelan landu daiteke ikasle bakoitzaren animaliarik gustukoena zein den. Museora iristean, bilatu animalia hori erakusketan eta idatzi kasuan kasuko animaliaren izen zientifikoa. Jolas moduan proposa daiteke, museotik barrena ibili eta nork bere animalia gogokoena topa dezan. Aurkitutakoan, zein animaliaren ondoan egon den eta ondokoa espezie berekoa ote den jaso dezakete ikasleek. Azkenik, bisita gogoratzeko, argazki bat atera dezakete museoko txokorik nahienean edo aukeratzen duten animaliaren ondoan.
Komeni da hitzordua aldez aurretik eskatzea. Horrela, museoa zuentzako egunik egokienean bisitatu ahal izango duzue, egun horretan beteta egoteko arriskurik gabe. Aurretiazko hitzorduek biziki laguntzen digute irakasleekin harremanetan jartzen bisita egin baino lehen eta, hortaz, irakasleek bisita gidatuan zer landu nahi duten adosten. Ikasleak gelan lantzen ari direna aintzat hartuta, bisita ikasturteko gaitegira eta ikasleen adinera egokituko da. Bisita gidatuaren iraupena 60 minutukoa da, baina baliteke apur bat luzatzea edo laburtzea (kasurako, ikastalde batzuk badatoz batera eta bisita-talde bat baino gehiago egiten bada), eskolara itzuli arte eman dezaketen denboraren arabera.
Komeni da bisitako taldea 25 ikasletik gorakoa ez izatea. Ikasle gehiago dakarten eskolen kasuan, horien adinari erreparatuta, bi talde egin edo guztiak batera sartu erabakiko da. Material didaktikoa gertutik erakusten diegu, ukitu ere egin dezaketela. Horregatik, talde bakoitzeko zenbat eta ikasle gehiago izan, orduan eta denbora gehiago behar izaten da guzti-guztiek hurbiletik ikusteko aukera izan eta esku artean izateko sentipena izan dezaten.
  • Bisita gidatuaren prezioa 3 eurokoa da ikasleko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutilentzat.
  • 4 eurokoa ikasleko, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Unibertsitateko ikasleentzat.
  • Talde bereziei dagokiela (aisialdi-taldeak, kultura- eta kirol-elkarteak, guraso-elkarteak….), galdetu prezioaz.
  • Sarrera doakoa da irakasle, begirale eta ikasleen laguntzaileentzat.